HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2025 // 05 // 13 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



EUSKADIN 2.300 ANPUTAZIO BAINO GEHIAGO ERREGISTRATU DIRA AZKEN BOST URTEETAN

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Espainiako Anputatuen Elkarte Nazionalarekin (ANDADE) batera, maiatzaren 22an (osteguna) Donostian jardunaldia antolatu du, “Abordaje transdisciplinar del paciente amputado” (Paziente anputatuei diziplina arteko ikuspegitik ekitea) izenekoa, anputatuen osasun-beharrak ikusgarri egiteko xedearekin

Anputazioen arrazoi nagusiak honako hauek dira: gaixotasun baskularrak (% 61,2), diabetesa (% 19,7), traumatismoak (% 11,1) eta beste arrazoi batzuk (% 8)

Topaketa maiatzaren 22an izango da, Gipuzkoako Medikuen Elkargoan (Frantzia Ibilbidea kalea, 12), eta fisioterapian, biomekanikan eta emakumeen osasunean nazioarteko erreferentea den Soraia C. Tonon da Luz doktoreak parte hartuko du bertan

Maiatzaren 22an, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) eta Espainiako Anputatuen Elkarte Nazionalak (ANDADE) Donostian publikoari irekita egongo den jardunaldia egingo dute, “Abordaje transdisciplinar del paciente amputado” izenekoa (Paziente anputatuei diziplina arteko ikuspegitik ekitea). Topaketa Gipuzkoako Medikuen Elkargoan (Francia ibilbidea 12) izango da, eta 09:15etik 19:15era iraungo du. Sarrera doakoa izango da, EFEOren webgunean izena eman behar da, besterik ez, eta edukiera bete arte emango da sarrera.

Jardunaldia osasun-profesionalei nahiz paziente eta beren senideei dago zuzenduta. Jardunaldiaren xedea da anputatuen osasun-beharretan sakontzea eta horiei arreta emateko zerbitzuen multzoaren baterako lana ikusgarri egitea. Ekimen horren abiapuntua da kolektibo horri arreta integrala, humanoa eta eraginkorra bermatu ahal izateko derrigorrezkoa dela diziplina arteko ikuspegia hartzea.

Soraia C. Tonon doktorea

Une nagusietako bat Soraia C. Tonon da Luz doktorearen esku-hartzea izango da; fisioterapian, biomekanikan eta emakumeen osasunean nazioarteko erreferentea da. Doktorea irakaslea da Santa Catarinako Estatu Unibertsitatean (Brasil), CEFID/UDESCren Biomekanika laborategiko zuzendaria da eta “Rehabilitación Multidisciplinaria en Amputados” (Diziplina anitzeko errehabilitazioa anputatuetan) proiektuko burua da. Ildo horretatik, Berrikuntzarako Brasilgo Agentziak (FINEP) finantzatutako eta Brasil eta Espainiaren artean eginiko nazioarteko proiektu batean hartzen du parte; proiektuak beheko gorputz-adarretan anputazioak izan dituzten pertsonei ematen zaien arreta eraldatzeko tresna teknologikoa garatzea du helburu. ANDADE eta EFEOren lankidetzarekin, proposamenak fisioterapia, errehabilitazioa eta preskripzio protesiko pertsonalizatua antolatzen dituen ekite integralaren aldeko apustua egiten du.

Era berean, “Me Adapto®” metodoa sortu du (Moldatzen naiz). Haren esku-hartzeak fisioterapiak berreskuratze funtzionalaren prozesu konplexuetan duen eginkizunaren inguruko ikuspegi berritzailea eskainiko du.

Euskadiko egoera

Espainiako Anputatuen Elkarte Nazionalaren (ANDADE) datuen arabera, Euskadin osasun publikoan 2.300 anputazio baino gehiago erregistratu dira 2019. eta 2024. urteen artean. Kasuen % 61,24a gaixotasun baskularrekin dago lotuta, % 19,66a diabetesarekin, eta % 11,11 traumatismoekin.

EFEOk adierazi duen arabera, jardunaldiak osasun-zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeko eta diziplina arteko ikuspegia hobetzeko beharrari erantzuten dio, 360 º-ko ikuspegia hartuz, paziente anputatuaren prozesu osoa barne hartuz: esku-hartze medikotik errehabilitazio funtzionalera, laguntza psikologikoa eta bergizarteratzea barne.

“Topaketa honekin fokua jarri nahi dugu askotan oharkabean gertatzen den errealitatean, eta Euskadiko Fisioterapiak pertsonak ardatz dituen arreta integralarekin duen konpromisoa indartu nahi dugu” adierazi du EFEOko presidenteorde Asier Arrizabalagak.

EFEOri buruz

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak 3.572 elkargokide ditu* (% 69 emakumeak eta % 31 gizonak) geografikoki banatuta (% 45,4 Bizkaian, % 39,4 Gipuzkoan eta % 14,7 Araban). EFEOren helburua da sektoreari eragiten dion indarreko araudiari buruzko informazio garrantzitsua eta eguneratua eskaintzea, baita aholkularitza berezitua ematea ere fisioterapiari lotutako gaietan, segurtasun-berme osoz lan egiten duen kolektibo lehiakorra izateko xedez.

*2024/12/31ko datuak

Berrietara itzultzea