MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, irailaren 19an lunbalgiari buruzko jardunaldia egingo du Bilbon, Fisioterapiaren Munduko Eguna ospatzeko
“Actualización en valoración e intervención de fisioterapia en lumbalgias” jardunaldirako (Lunbalgietarako fisioterapiako balorazio eta esku-hartzeen eguneratzea) izen-ematea publikoari irekita dago, eta https://diamundialfisioterapiacofpv.com/ webgunearen bidez egin daiteke
Lunbalgiak Espainian 13 pertsonatik 1i eragiten dio, eta desgaitasunaren zergati nagusia da munduan
Irailaren 8an (igandea) Fisioterapiaren Munduko Eguna da; izan ere, Terapia Fisikoaren Munduko Konfederazioaren (WCPT, ingelesezko siglengatik) eraketa ospatzen da. Elkarte hori mundu osoan lan egiten duten 600.000 fisioterapeuta baino gehiagok osatzen dute. Egunak osasun publikoa eta pertsona guztien ongizatea zaintzeko kolektiboak duen konpromisoa azpimarratzen du, eta osasun-administrazioaren eta gizarte osoaren aurrean lanbidea sustatzeko ere balio du.
Aurten ere, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) bat egingo du egun hori ospatzeko; horretarako, irailaren 19an lunbalgiari buruzko jardunaldia antolatuko du Bilbon (Indautxu hotela, 17:30ean), Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera. Jardunaldia aurrez aurrekoa eta doakoa izango da. Jardunaldian min lunbar kronikoa eta ariketa terapeutiko landuko dira, besteak beste, eta lunbalgia tratatzeko tresnak eskainiko dira, fisioterapiak funtsezko zeregina baitu horretan.
Topaketa, programa, hizlari eta izen-emateari buruzko informazioa eskura duzu hemen: www.diamundialfisioterapiacofpv.com
Lunbalgia, desgaitasunaren zergati nagusia munduan
Kalkuluen arabera, Espainian lunbalgiak 13 pertsonatik 1i eragiten dio. Gerriko mina edozein adinetan jasan daiteke, eta ia mundu guztiak izango du bere bizitzaren uneren batean; zorionez, gutxiengoaren kasuan baino ez da kronifikatzen (3 hilabete baino gehiagoko iraupena).
Gerriko minen kasuen % 90 ez dira espezifikoak, hau da, ez dago eragiten dituen egitura zehatzik (adibidez, artikulazio, gihar, lotailu edo disko bat), eta ez dira azpian dagoen gaixotasun larri baten ondorioz agertzen.
Askotan, gerriko mina zenbait faktoreren konbinazioaren ondorio izan daiteke, eta, irudi-teknika hoberenak erabilita ere (hala nola erradiografia edo erresonantzia magnetikoa), gerriko min kronikoen kasu gehienetan ezin da zergati argia identifikatu.
Ebidentzia zientifikoak erakusten du fisioterapia oso kostu-eraginkorra dela lunbalgiaren prebentzio eta tratamenduan; afekzio osteoartikular horrek gero eta prebalentzia handiagoa du mundu-mailan, eta etengabe handitzen ari da. Gainera, desgaitasunaren zergati nagusia da, eta gizarteari karga ekonomiko handia eragiten dio; hortaz, erantzun egokia behar duen osasun publikoko arazo mundialtzat hartu behar da.
Lunbalgia duten pazienteen tratamenduaren oinarrietako bat aktibo jarraitzea eta egunerokoan garrantzizkoak diren jarduerak egiten jarraitzea da, hala nola ariketa fisikoa. Jarduera fisikoa fisioterapiako profesionalek preskribatu behar dute, eta pazientearen gaitasunera moldatzen da, atsedenaren eta ariketaren arteko oreka lortzeko. Hoberena da pazientearen beharretara egokitutako ariketa-programa bat prestatzea, indarra, erresistentzia, mugikortasuna eta ariketa-maila areagotzeko; hala, gaixotasun kardiobaskularrak izatea ere saihestu daiteke.
EFEOri buruz
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala 3.402 elkargokide* (% 69 gizonak eta % 31 emakumeak) baino gehiago dituen elkargoa da, eta honela banatuta dago geografiari dagokionez: kideen % 46,4 Bizkaian, % 38,9 Gipuzkoan eta % 14,7, berriz, Araban. EFEOren helburua da sektoreari eragiten dion eta indarrean dagoen araudiari buruzko informazio garrantzitsu eta eguneratua eskaintzea, baita fisioterapiari lotutako arloetan aholkularitza espezializatua ematea ere, segurtasun-berme osoarekin lan egiten duen kolektibo lehiakorra izate aldera. (2023/12/31ko datuak)